top of page

TOPAKETA LIBERTARIO BATERAKO DEIA 2016KO UDABERRIAN

 

 

 

Joan zen mendearen erdialdean, herrialde zentraletan, agertoki berri batek hartu zuen forma. Bertan, lehenbizikoz Historian, estaldura unibertsaleko babes-sistema sozialak garatu ziren eta,hauekin batera, nolabaiteko mugikortasun sozial baten hastapenak. Horrek langileriako zenbait sektore langile-klasea utzi eta klase ertain bihurtzea ahalbidetu zituen. Bi elementu hauek indar handiko anestesiko baten eraginak izan zituzten: gizarte-gatazka egonkortu zuten eta sistema kapitalistaren zimenduak zalantzan jartzea bera ere geldiarazi.

 

 

 

Gaur egun, delako agertokia drama bilakatu da. Klase ertainek laster proletarizatu egingo dituztela sumatzen hasiak dira, baztertuen gunea gero eta handiago egiten den bitartean, langileek, langabeek, lan prekariodunek, gazteek eta etorkinek osatzen dutena alegia. Aldi berean, babes-sistema sozialak kaskartu, pribatizatu eta suntsitzen ari dira, baita murriztu ere, nortzuk eta behartsuenak kanpoan utzita. Egun, bermatu gabe dago, beraz, kalitatezko osasungintza, eta bere zerbitzuak adineko jendeari are gehiago murriztu beharraren aldekoak ere badira. Etorkinak bazter uzten dituzte. Egungo hezkuntza formal debaluatuak ez du jada inongo mugikortasun sozialik bermatzen, lanpostu (=esplotazio) eskas-eskas bat baizik gehienaz ere.

 

 

 

Agertoki paralelo batean, energiaren eta ingurugiroko krisia, azken urteotan ahaztua, murrizketa ekonomikoek eta beren ondorioek ezkutatuta gibelaldean, areagotu besterik ez da egin. Ezin ahantzi, halaber, horrek berekin dakarrena: erregai fosilak eta mineral estrategikoak agortzeko zorian daude; baita funtsezko beste baliabide batzuk, ezinbestekoak ekoizpen eta kontsumo xahutzaileen eredu nagusiak biziraun dezan. Erraz igarri ahal da honenbestez kapitalismoak amaigabetzat jotzen zuen oparotsaunaren gizarteak gainbeheratuz doala. Badakigu, baina, honekin zer datorkigun; ziurgabetasun handiko eremuak, baina itxaropenerako abagunea ere bai.

 

 

 

Agertoki honetan zenbait alderdi eta mugimendu ageri dira. Mezu bat zabaldu nahian dabiltza: arazoa gestioan datzala, ordezkaritzazko demokraziaren mekanismoen ustezko bahiketa batean. Eta haiek beraiek eskaini dute beren burua hondamendia kudeatzeko, arazoa sistema bera dela isilean gordeta. Hala ere, zorionez, oraindik badaude sistema kapitalistaren kontrako talde antagonistak, sindikalismoan, antigarapenismoan, edo ekofeminismoa bezalako alorretan. Izendatzaile komun bat daukagu: gizarte-eredu hegemonikoa gaitzesten dugu; elkarlan horizontalei eusten diegu; eta autogestio-guneak eraikitzeko itxaropentsu azaltzen gara. Halere, gehienetan, erdizkara eta elkarri bizkarra emanda jokatzen dugu.

 

 

 

Han hemengo sektoreetatik etorritako aktibistak egoera honen aurrean kokatu gara. Badakigulako premia handia ez ezik, geroz eta borondate handiagoa ere badela norbanako, talde eta kolektibo arteko kolaborazio-bideak aurkitzeko. Gu guztiok proposamen elektoralistetatik edota erakundeekiko lankidetzaren aldekoetatik at mugitzen gara, epe laburrera baino haratago begira, haiek ez bezala. Horregatik elkarrengana biltzeko deia egiten dugu, estatu mailako topaketa batean honako eztabaida honen inguruan: ea nolabait bat etortzeko edota elkarrekin koordinatzeko gauza garen.

 

 

 

Oso errealitate ezberdinak dauzkagu abiapuntu. Bestalde, dagoeneko, kapitalismoak kutsatuta dauzka bizi-espazio guztiak. Kapitalismotik desertatzea ia ezinezkoa da beraz jende gehienentzat. Horregatik apaltasuna berreskuratu behar dugu, inork ez dituela ez egia ezta erantzun guztiak aitortu, desadostasunak baztertu eta, gure eginkizuna bailitzan, lan eskerga bezain atsegina onartu: bat etortzen asmatzea. Hori dugu eta bide bakarra, ahalik eta baldintza onenetan gainbeherari aurre egiteko, hondamendi ekologikoari, funtsezko premiak bete ezari. Horrela behar ditugun tresnak eta lurraldeak bereskuratuko ditugu eta, haien bitartez, gunerik hurbilenak horizontalki kudeatzeko aukera gureganatu. Nola eraiki nahi dugun lanerako elkargune hori? Jadanik lortutako eskarmentutik abiatuta, eta eguneroko borrokan dihardugun guztion ekarpenez baliatuta. Hori dugu eginkizuna. Guztiok gara beharrezkoak.

 

 

 

Harremanetan jartzeko posta elektronikoa: laapuestadirecta@gmail.com

 

 

bottom of page